Ongi etorriak gurasoei eskainitako gunera

Gurasoei euren seme-alabekiko sexu-hezkuntzarako hainbat baliabide helarazi nahi dizkiegu orrialde honetan.

SEXUMUXU hezkuntza komunitateari zuzenduriko sexu-hezkuntza proiektua da eta bertan gurasoek garrantzi handiko papera jokatu dezakete. 

Ezkerreko menuan, etengabe eguneratzen egongo diren baliabide interesgarriak agertzen dira. Azpian, sarritan gurasoek euren buruari egiten dizkioten galderak aurkituko dituzu. Hauexek sakatuta, erantzun itxiak baino, hausnarketarako eta eztabaidarako aportazioak agertuko zaizkizu.

 

Intimitate afektibo–sexualari dagokionez,  gurasoek garbi izan behar dute ez direla inoiz izango beren seme-alaben konfiantzazko lagunak.

Nerabezaroan aldatu behar dituzte neska-mutilek beren lotura afektiboak. Lotura horien garapenak familia ingurutik kanpo bultzatzen ditu. Hori dela eta, lagunekin, berdinekin, eta azkenean bikotekidearekin (bizitzako aro honetan gertatzen bada) elkartzeko beharra sortzen zaie.

Neska-mutil nerabeek mundua familiatik kanpo ezagutu behar dute; beren bilakaera pertsonalerako beharrezkotzat jotzen dute.

Jokabide hau erabat logikoa da, beren autonomia pertsonala gauzatu beharrari erantzuten baitio. Horretarako familiarekin dituzten lotura estu horiek  eraldatu eta kanpora irten behar dute, bestelako harremanak sortuz beren berdinekin, lagunekin, bikotekideekin, eta abarrekin.

Hori dela eta, lehen esperientzia afektibo-sexualen konfidentzialtasunari dagokionez, lagunik onenak gurasoak baino garrantzitsuagoak dira. Gurasoen eginbeharrak honako hauek dira:

a) Hurbil eta laguntzeko prest azaldu.

b) Seme-alaben autonomia emozionalaz jabetu eta ondorioz jokatu.

c) Beraiekiko distantzia egokia onartu.

d) Seme-alabekiko komunikabide guztiak mantendu eta zaindu.

Bilakaera-prozesu hau berdina da heterosexual zein homosexualengan. Zalantzarik gabe behar afektibo-emozional eta sexualak berdinak dira.

Gurasoek seme-alaben bultzatzaile izan behar dute munduaren alor guztiak ezagutu ditzaten, baita alor afectibo-sexuala ere.

Gurasoek honako zeregin hauek bete behar dituzte seme-alabekiko:

1.- ZIURTASUN OINARRIA izan behar dute. Hau da, seme-alabek mundua modu arrakastatsuan aztertu ahal izango dute, baldin eta beren jatorrizko familia erabiltzen badute azterketarako oinarri gisa.

Modu berean, astronauta batek ezin izango du kanpoko espazioa aztertu bere espazio-basetik ez bada.

Gurasoen trebetasuna seme-alabekiko distantzia emozional egokia izatean datza. Ez beren autonomia emozionala errespetatzen ez duen distantzia motzegia, ezta eskuraezinak egingo lituzkeen distantzia handiegia ere (axolagabetasuna).

2.- BABES-PORTU izan behar dute. Seme-alabentzat  gurasoek baldintza gabekoak,  laguntzeko prest egongo direnak eta iraunkorrak izan behar dute.

“ Gertatzen dena gertatzen dela, edozer egiten dudala, badakit nire gurasoengana jo dezakedala sostengu eta laguntza bila ”.

Munduaren azterketa familiaren ingurunetik kanpo gogorra eta arriskutsua izan daiteke. Astronautak kanpoko espazioa azter dezake, bere lana egiteko adinako ziurtasuna ematen dion kable baten bidez lotuta dagoelako espazio-ontziari . Era berean nerabeek ziurtasunez aztertu ahal izango dute familiaz kanpoko mundua, ziurtasunezko eta konfiantzazko lotura mantentzen badute amarekin, aitarekin, anai-arrebekin, eta  abarrekin.

Bestela esanda,  familiak nerabeari behar adinako ziurtasuna eman behar dio bere behar afektiboak (maitasuna, maiteminak, adiskidetasuna) eta sexualak (erotismoa, desira erotikoa, sexu-portaera) arakatzeko gaitasuna sustatzeko.  Aldi berean, pertsona esanguratsuekiko lotura afektiboak helburu hori lortzeko beharrezko oinarriak dira.

Sakelako bat denbora luzez ibil daiteke bera bakarrik, betiere bateria kargatzen badu sare elektrikoari konektatuz.

Nerabe batek ezagutu dezake mundua berak bakarrik. Horretarako “bateria kargatu” beharko du bere lotura esanguratsuen sareari konektatuz ( ama, aita,lagunak, eta abar).

Sexu-harremanen arriskua ez dago zuzenean lotuta sexualitateari buruzko ezagutzarekin, baizik eta nerabeak emozio-intentsitate handiko egoerei aurreko egiteko ahalmenarekin, besteak beste, desira erotiko eta intimitate afektiboa.

Gauzak horrela, gurasoen ahaleginak ez du zertan “sexuaz hitz egitea” esan nahi; hori esaten dugunean, adierazi nahi duguna bada sexualitateari buruzko mintzaldia ematea. Horretarako daude eskola eta osasun zentroak.

Gurasoek lagun diezaiekete seme-alabei etorkizunari begira prestatzen. Beste alor batzuetan egiten dugun moduan: lan-munduan, ekonomikoan eta osasun-arloan.

“…pentsatu ondo zein ikasketa aukeratu, etorkizuna horren baitan baitago”. “… zure dirua kudeatzen ikasi behar duzu, egoera ez dago txantxetarako”. “… zaindu zure elikadura eta ariketa fisikoa egin, horrela osasuntsu egon zara etorkizunean”.

Gurasoek beraiek duten bizi-esperientzien berri eman beharko liekete. Gauza ez da intimitate sexualen gainean aritzea, hori norberaren intimitatea baita; beraz, babestu beharrekoa. Komenigarria da behar sexual eta afektiboen aurrean nola jokatu duten adieraztea; esperientzia pertsonal hori lagungarri izango zaie eta.  Azken finean, etorkizunari begira nola jokatu behar duten erakutsi behar zaie, eta sexualitatearen arloan ere bai. Ikus ditzagun hainbat adibide:

…”orain 15 urte dituzu eta agian ez duzu behar afektiborik edo sexualik izan  baina pentsatu behar, agian, laster sentituko duzula eta erabakiak hartu beharko dituzula. Behar bada, maitemindu egingo zara, baliteke norbaitek harreman sexualak izatea proposatzea edo zeuk proposatzea. Prestatuta egon behar duzu momentu hori iristerako. Badakizu, behar izanez gero, hor izango nauzula”.

…”begira, alabatxo, nire lehenengo sexu-harremanak ez ziren behar bezalakoak izan; nik asko maite nuen. Berak sexu-harremanak eskatzen zizkidan eta nik ezetz esaten nion, maite nuelako. Dena den, ez nuen nire burua prest ikusten sexu-harremanak izateko, inoiz ez nuen nire buruarengan pentsatu, apenas ezagutzen nuen nire gorputza, ezta nire erreakzio sexualak ere. Horregatik izan ziren desatseginak nire lehen esperientzia sexualak. Denborarekin ikasten joan nintzen. Zuk baduzu adina esperientzia afektibo eta sexualak izateko; gustatuko litzaidake momentua iristean emakume autonomoa izatea, gauzak argi izatea eta ez ni zure adina nuenean bezalakoa” (elkarrizketa erreala, ama eta 16 urteko alaba).

…”ze zortea duzun, seme! – Zergatik? – masturbazio garaia iristen zaizunean, aske izango baitzara zure esperientzia erotikoen artean hautatzeko. Ni, berriz, zure adinean ikaratuta nengoen, horrelakorik ez egiten saiatzeko esaten zidaten, lelokeriak entzun behar izaten nituen, adibidez, masturbazioak gaixotasunak sortzen dituela, adimen-garapa oztopatzen duela… Ze zortea duzun, ze zortea duzun! (elkarrizketa erreala, aita eta 13 urteko semea).

Sexu-jarduerarekin erlazionatutako arriskuei dagokienez, gurasoek beren seme-alabei eman diezaieketen laguntzarik onena honako hau da: seme-alabei  sexualitateari buruzko beraien irizpide propioak garatzen laguntzea. Trebeak izan daitezela jarrera propioak defendatzen eta  behar afektibo eta sexualak beren bizitzan antolatu eta osatu behar dituztenean balio propioak defendatzen. Hori guztia horretan hasi aurretik.

Sexualitatearen inguruan irizpide landuagoak dituzten nerabeak dira arriskuarekiko joera txikiagoa azaltzen dutenak sexu-jardueraren aurrean. Familiaren papera erabakigarria izan daiteke zentzu honetan. Babes-baliabideen ezagutza teknikoa, hala nola, kondoia, antisorgailuak edo sexu segurua izateko teknikak ere oso garrantzitsuak izan daitezke. Baina ezagutza bakarrik, hezkuntza-prozesuak bermatu beharko lukeena, ez da nahikoa.          

Bestalde, ama, aita eta parekoekin harreman hobeak dituztenak dira arriskuarekiko joera txikiagoa azaltzen dutenak, baita harremanak izaten hasi aurretik.

Helburua ez da sexuaz hitz egitea (zentzu teknikoan), baizik eta guraso eta seme-alaben arteko elkarrizketa ohiko bihurtzea, konfiantzazko  eta sen oneko harremanetan oinarritua. Hori da familien oinarrizko papera sexu-heziketa kontuetan.